Arratiako Ondare Astegoiena ekimen berria da, 2026ko ekainaren 27an eta 28an Areatzan ospatuko dena.
Arratiako Ondare Astegoiena
Arratiako Ondare Astegoiena ekimen berria da, 2026ko ekainaren 27an eta 28an Areatzan ospatuko dena. Asteburu honetan, ondarea izango da ardatz nagusia: gure kultura partekatuaren adierazpen bizia, komunitatea lotzen duena eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena.
Ondarea ez da iraganeko zerbait soilik. Bizirik dagoen zerbait da: dantzan, musikan, hizkuntzan, topaketetan. Horregatik, astegoien honen helburua ez da soilik erakustea, baizik eta bizitzea, partekatzea eta transmititzea.
Bi egunetan zehar, askotariko jarduerak proposatuko dira: dantza eta musika ardatz hartuta, baina kultura-adierazpen ezberdinei irekita. Tailerrak, emanaldiak, erromeriak, topaketak eta espazio partekatuak izango dira, herritarrak protagonista bihurtuz.
Gaur egungo testuinguruan, kultura-ondare immaterialak erronka handiak ditu: globalizazioa, transmisioaren etena edo erabilera sozialaren galera. Baina, aldi berean, aukera paregabeak ere baditu berritzeko, egokitzeko eta gaur egungo gizartearekin konektatzeko. Horretan datza gakoa: transmisioan.
Arratiako Ondare Astegoienak ikuspegi hori landu nahi du: tradizioa ez ulertzea zerbait itxi edo fosilizatua bezala, baizik eta praktika bizia eta partekatua bezala. Dantza, bereziki, komunikazio-tresna indartsua da, pertsonak elkartzen dituena eta komunitatea eraikitzen duena giro ludiko eta atsegin batean.
Areatza topagune bihurtuko da asteburu horretan: Arratiako herritarrentzat zein kanpotik etorritakoentzat, kultura elkarrekin bizitzeko eta gozatzeko gune irekia.
EKAINAK 27 LARUNBATA
Areatzako herriko eskoletan
10:00-11:30 / Jota Galiziatik / Sergio Cobos
Jota dantza esanguratsua da Arratiako inguruan, eta Andra Mari dantza taldeak “Arratiako jota” oholtzan jarri zuenetik Euskal Herri guztian zabaldu da, baina, jota beste inguru batzuetan ere egiten da, eta oraingoan, Galiziako dantzakera berriz lantzeko aukera izango dugu Sergio Cobos maisu handiaren eskutik.
11:30-13:00 / Jota eta fandangoaren estandarizazioa / Patxi Laborda
Azken hamarkadetan, jotaldia oholtza edo lehiaketa esparrura eramatearekin batera, forma itxi eta lokalizatu batzuk sortu dira gure inguruan. Forma horiek azken hamarkadetan zabaldu eta dantza egiteko modu zehatz eta estereotipatuak errotu dituzte hor eta hemen eta guzti hau ulertu eta lantzera dator atelier hau.
17:00-18:30/ Fuente Alamoko Bolero Eskola / Pedro Jose Leandro
Herriko dantzetan oinarriturik, dantza klasikoaren eraginez eta iturri ezberdinetatik datozen apaindurekin, bolero eskola Iberiar penintsula osoan hedatu zen XVIII mendetik aurrera, eta bere eragina, Euskal Herriko hainbat dantzetan ere nabaria da. Leandro familiak, bere baitan mantendu du dantzakera hau Murciako Fuente Alamo herrian, dantzakera historiko hau bizirik mantenduz.
18:30-20:00 / Erregelak: dantzaria eta musikaria elkar lanean / Luken Aranburu
Musika eta mugimenduaren arteko harremana AIKO taldearen ardura izan da hasieratik, eta dantzaren batek hori erakusten badu Durangaldeko Sokadantza da, batez ere Erregelak moduan ere ezagutzen dan aurresku eta atzeskuaren partea. Musikari eta dantzari aparta den Luken Aranbururekin atea irekiko diogu dantza eta musikaren arteko harremanari, hainbat oinarrizko kontzeptu ulertu eta argituz.
22:30 AFALONDOAN
DANTZALDI ERROMERIA AIKOPEKOREKIN
EKAINAK 27 IGANDEA
10:00-11:30 / Tangoa Euskal Herrian / Ines Uriarte
XX. mendean, Euskal Herriko etxe eta baserrietako irratietan, erromeri eta plazetan, lagunarekin dantzatzeko, arrimatekoan, dantza batek leku berezia lortu zuen: tangoak. Caminito, La cumparsita, Adios Muchachos… gureak egin genituen, eta Carlos Gardelen ahotsa eta kantakera etxeko eta kutuna. Tangoaren oinarriak azaltzeko eta gozatzera gonbidatzeko, gurekin hainbat aldiz egon de Ines Uriarte ondarrutarra izango dugu.
11:30-13:00 / Arratiako Artetxeren jota / Larraitz Artetxe & Sabin Bikandi
“Arratiako jota” izenarekin, batez ere, talde folklorikoen akademizazioaren aurretik hedatuta zegoen dantzatzeko modu herrikoi, aberats eta anitza izendatzen da, non askatasuna, inprobisazioa eta sorkuntza oinarri direan. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak, eta batez ere bertoko dantza maisua izan den Kepa Artetxeren lanari ezker, Euskal Herri guztian zabaldu zen “Arratiako jota” izenpean. Oraingo honetan, teknologiari esker, Kepa Artetxeren jota grabaketak medio, jotaren inguruko hainbat kontu aztertu, ulertu, sistematizatu eta partekatzeko aukera izango dugu AIKO Taldeko irakasleen eskutik.
NOLA IZENA EMAN
Plaza mugatuak dira eta ikastaro guztietan parte hartzeko matrikula 60€ da.
18 eta 30 urte bitarteko gazteak DEBALDE izango dute matrikula, doan, musutruk, kittorik.
Parte hartzeko online, https://aiko.eus/ helbidean izena eman eta ordaindu behar da:
https://aiko.eus/izen-eman/9550963c-8154-4fa3-9674-eb69975f6711
PLAZA MUGATUAK!!
OSTATU ESKEINTZA BEREZIA AREATZA HOTELEAN
Areatza hotel-bainuetxeak egonaldi-pakete berezi bat eskaintzen du dantza asteburuan izena ematen dutenentzat, besteak beste:
- ekainaren 27an (larunbata) bazkari eta afaria
- logela bikoitzean lo egitea ekainaren 27ko gauean
- ekainaren 28an (igandea) gozaria eta bazkaria
- 60 minutuko zirkuitu termal bat bainuetxean
Logela bikoitza 257,80€ BEZ barne (128,90€ lagun bakoitzeko)
Banakako gela 176,40€ BEZ barne
Gela hirukoitzak erabilgarritasunaren arabera mugatuak daude. Galdetu hotelean bertan.
Azken eguna hoteleko eskeintza honetan izena emateko: EKAINAK 15
Ostatuan izena emateko eta gela hartzeko:
AREATZA HOTELA
telefonoa: 946 57 27 05
https://maps.app.goo.gl/YN4QdZapFGX9aBXi7
Calle Askatasuna, 50 Bis Areatza



