Urkiola eta Sanantonioak AIKOzaleen biltoki izan dira sarritan, eta aurton, ekainaren 14ean, Sanantonio Errepetiziñoarekin batera, momentu egokia iruditu zaigu jai handi bat ospatuz, AIKO Taldearen azken CDa aurkezteko, ZEU izenekoa, eta bide batez AIKO Taldearen 20. urteurrena ospatzeko.
- Abadiñoko Elizateko Udalak antolatzen duen San Antonio "errepetiziño" jaian parte hartuko du AIKO Taldeak, eta horrekin batera, elkarteak bere 20. urteurrena ospatzeko aprobetxatuko du Urkiolan, ZEU disko berriaren aurkezpenarekin batera
- Ekainaren 14an ospatuko den jardunaldiak San Antonio errepikako jai giro tradizionala berreskuratuko du, musika, dantza, erromeria eta herri bazkaria uztartuz
- ZEU disko berriak AIKOren azken urteetako sormen ildoa laburbiltzen du: dantzarako sortutako musika bizia, gaur egungo plazarako egina
- Abadiñoko Udaleko kultura arloaren babesaz gain, ekimenak Urkiolako Hotelaren laguntza izango du
Urkiolak festa giro berezia biziko du datorren ekainaren 14an, igandez, AIKO Taldearen 20. urteurrena eta taldearen disko berriaren aurkezpena ospatzeko antolatutako egun osoko egitarauarekin. Jardunaldia, Abadiñoko Elizateko Udalak antolatzen duen San Antonio errepikaren ospakizunarekin batera egingo da, eta helburua izango da Urkiolako erromeria eta plaza giro tradizionala berriz biziberritzea.
Ekimen hau Urkiolako Hotel berriko arduradunekin elkarlanean antolatu da. Hotelaren jabe berriek ingurua kultur jardueren bidez dinamizatzeko interesa erakutsi dute, euskal kulturarekiko eta herri giroarekiko duten atxikimendutik abiatuta.
- 12:45 Eguneko programa ofiziala udalaren herri kirol erakustaldiekin hasiko da meza ostean
- 13:30 (inguru) Geure partez, eta Abadiñoko eleizateari gure esker ona adierazteko, herri kirolen ostean, Sanantonio egunean gure 20. urteurrena ospatzeko, Berrizko San Lorentzo dantza taldeak Dantzari Dantza eta Sokadantza eskeiniko dute.
- 14:00 (inguru) Horren ostean iritsiko da eguneko une berezienetako bat: AIKO Taldearen ZEU disko berriaren aurkezpena. Aurkezpena modu parte-hartzaile eta bizian egingo da. AIKOren filosofiari jarraituz, diskoa ez da soilik entzuteko izango: plazan bertan dantzatu, bizi eta partekatzeko sortua da.
15:00 (inguru) Herri bazkaria egingo da, paella bazkari herrikoia, 15 euroko prezioan. Bazkarira bertaratzen direnek ZEU diskoa 10 euroko prezio berezian jaso ahal izango dute. Paella herri bazkarian izena emoteko berton klik egin.
16:30 (inguru) ERROMERIAK: AIKO Taldea, eta Roberto eta Miren Etxebarria eta Idoia Markaida ariko dira igande arratsaldea girotzen.
Hogei urte euskal dantza eta musika tradizionala berritzen
2006an sortu zenetik, AIKO Taldeak euskal musika eta dantza tradizionalaren transmisioan, ikerketan, sorkuntzan eta sozializazioan jardun du etengabe. Azken bi hamarkadetan erromeriak, ikastaroak, ikusgarriak, dokumentalak, argitalpenak eta disko grabazioak sortu ditu, betiere tradizioa ikuspegi garaikide, parte-hartzaile eta sozializatzaile batetik ulertuta.
AIKOren ibilbidean garrantzi berezia izan dute Dantzaldi Ibiltaria egitasmoak eta UPV/EHUrekin, Dantzertirekin edo nazioarteko erakundeekin egindako lankidetzek. Milaka pertsonak ikasi dute dantzan AIKOren metodoaren bidez: modu natural, ergonomiko eta dibertigarrian.
Taldeak berrikuntza artistikoa eta tradizioaren berrirakurketa ere landu ditu urte hauetan guztietan. Horren adibide dira Garaikideak ikusgarria —“dantza entzunarazi eta musika ikusgarri egitea” proposatzen zuena—, BANDtzaldia proiektua bandekin eta erromeriarekin uztartuz, edo Jotamentala dokumentala, jotaren inguruko hausnarketa sakona egin zuena.
Ikerketa eta transmisio lan horren baitan kokatzen dira baita ere Urraska bezalako proiektu pedagogikoak, AIKO Drums instrumentu berritzaileak edo haur eta familientzako Kulunkaz ekimenak.
ZEU: gaur egungo plazarako musika
AIKO Taldearen disko berriak, ZEUk, taldearen izaera eta azken urteetako ibilbidea laburbiltzen ditu. Hamabi piezaz osatutako lana da, dantzarako eta plazan gozatzeko sortua: jotak, fandangoak, jauziak, habanerak, mazurkak, tangoak, txotisak eta ingurutxoak bildu ditu diskoak.
Grabazioan Álvaro García (gitarra), Sabin Bikandi (danbolina), Txus Aranburu (teklatuak), Amaiur Cajaraville (baxua), Alberto Macías (soinu teknikaria) eta Patxi Laborda (urratsak) aritu dira.
Diskoko pieza gehienak Sabin Bikandik eta Álvaro Garcíak sortutakoak dira, eta Edertasuna habaneraren hitzak Onintze Enbeitak idatzi ditu.
ZEU ez da soilik disko bat: AIKO Taldearen ulertzeko modu baten adierazpena ere bada. Tradizioa ez dute iraganeko objektu gisa ulertzen, gaur egun bizi eta berrasmatzen den kultura bizia baizik. Dantza, musika eta kantua komunitatea sortzeko tresna direla aldarrikatzen duen proiektua da AIKO, eta Urkiolako ospakizuna horren adibide izango da berriro ere.
Hemen ZEU CDari izena ematen dion Zeu tangoa ikusgai
- Euria balitz, Abadiñoko Udalak karpa handi bat prestatu digu berton ekiteko.
- Ordutegiak, beti bezala, pokomasomenosekoak dira.



