AIKO Kultur Elkarteak eta Euskal Museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute musika eta dantza tradizionalaren ikaskuntza, praktika eta transmisioa museora eramateko.
AIKOk eta Euskal Museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon dantza tradizionala ikasi, bizi eta partekatzeko programa iraunkor bat garatzeko
AIKO Kultur Elkarteak eta Euskal Museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute musika eta dantza tradizionalaren ikaskuntza, praktika eta transmisioa museora eramateko.
Akordioari esker, 2026ko urritik aurrera, Euskal Museoak hartuko ditu AIKOk Bilbon 2026-2027 ikasturtean eskainiko dituen dantza-eskolak. Astelehenetan AIKO Eskolaren ikastaro orokorrak egingo dira; astearteetan, berriz, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako AIKO Gazte Eskola.
Prestakuntza-jarduerarekin batera, hilean behin erromeria egingo dugu museoko klaustroan, zuzeneko musikaz lagunduta eta herritar guztiei irekita.
Ondare bizia, museo bizi batean
Kultura-ondarea ez dute museoetan gordetako objektuek, dokumentuek eta lekukotasun materialek bakarrik osatzen. Komunitate batek ikasi, partekatu eta transmititzen dituen jakintzetan, soinuetan, mugimenduetan eta praktiketan ere bizi da.
Berritze-prozesu sakonaren ondoren, Euskal Museoak etapa berri bati ekin dio, euskal kulturara sartzeko ate izateko bokazioa duen museo moderno, ireki eta garaikide gisa. AIKOren musika- eta dantza-jarduerak bertan txertatzeak norabide horretan sakontzen du: ondare materiala gorde, ikertu eta erakusteaz gain, euskal kultura-ondare immateriala praktikatzeko eta partekatzeko aukera ere eskainiko du museoak.
AIKOrentzat, dantza tradizionala ez da agertokira edo erakustaldira mugatutako adierazpena. Partekatutako hizkuntza bat da: edonork, adina, esperientzia edo aurretiazko ezagutzak edozein direla ere, parte har dezakeen praktika ireki eta parte-hartzailea.
Dantza batek bizirik irauten du dantzatzen denean. Euskal Museoarekin sinatutako hitzarmenak transmisiorako eta topaketarako gune berri bat eskaintzen digu: ondarea gorputzaren bidez ikasteko, beste pertsona batzuekin partekatzeko eta dantzaldi bakoitzean berritzeko lekua.
Eskolak eta erromeriak
Astelehenetan — AIKO Eskola
- 18:00-19:30: Hasierako maila
- 19:30-21:00: Hobekuntza
Astearteetan — AIKO Gazte Eskola
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendua.
- 18:00-19:30: Hasierako maila
- 19:30-21:00: Hobekuntza
Erromeriak
Hilean behin, lehen larunbatean (salbuezpenen bat aparte), zuzeneko musikaz lagunduta, dantzaldi-erromeri bat ospatuko dugu Euskal Museoaren klaustro ederrean. Hona hemen sarrerak erosteko ezteka:
https://sarrerak.bbmuseoak.eus/muslinkIV/index.jsp?nom_cache=EUSKAL&property=EUSKAL&lang=1
Eta erromerien egutegia:
- 2026ko azaroak 7, larunbata
- 2026ko abenduak 12, larunbata
- 2027ko urtarrilak 9, larunbata
- 2027ko otsailak 6, larunbata
- 2027ko martxoak 6, larunbata
- 2027ko apirilak 3, larunbata
- 2027ko maiatzak 8, larunbata
- 2027ko ekainak 5, larunbata
- 2027ko uztailak 3, larunbata
- 2027ko abuztuak 28, larunbata
Ikasturtearen hasiera: 2026ko urria
Lekua: Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco
Izen-ematea eta informazio gehiago: https://aiko.eus/
Zatoz dantza ikastera, bizitzera eta partekatzera!



