Dantzan egitea gustuko dugulako egiten dugu, batez ere. Musikak mugiarazten gaituelako, besteekin elkartzen gaituelako eta ondo pasatzeko aukera ematen digulako. Baina, horrez gain, dantzak —eta bereziki dantza tradizionalak— onura ugari eskaintzen dizkigu.
Gorputza mugitzeko modu atsegina da. Dantzan ibiltzeak erresistentzia, koordinazioa, oreka eta mugikortasuna lantzen laguntzen du. Ez dugu zertan kirol jarduera baten moduan bizi: ia konturatu gabe, musikaren eta erritmoaren laguntzaz, gorputza aktibo mantentzen dugu.
Koordinazioa eta oreka lantzen ditu. Pausoak ikasteak, erritmoari jarraitzeak, norabideak aldatzeak eta inguruko dantzariekin koordinatzeak gorputzaren eta buruaren arteko lotura etengabe aktibatzen du. Dantzan, gorputza ez ezik, arreta eta memoria ere lanean ari dira.
Burua askatzeko ere balio du. Musikak, mugimenduak eta besteekin partekatutako jarduerak eguneroko kezketatik aldentzen laguntzen dute. Dantzaldia edo klasea atseden une bat ere bada: arreta unean bertan jartzeko eta gozatzeko aukera.
Baina dantza tradizionalaren ezaugarri nagusietako bat beste bat da: elkarrekin egiten dugula.
Bikotean, taldean, sokan edo plazan, beste pertsona batzuekin harremanetan jartzen gara. Elkarri begiratu, entzun, egokitu eta espazioa partekatzen dugu. Horregatik, dantza sozializatzeko modu aparta da: jendea ezagutzeko, harremanak egiteko eta komunitate baten parte sentitzeko aukera ematen digu.
Eta, gainera, dantzan ari garenean gure kulturarekin ere harremanetan jartzen gara. Musika, erritmo, pauso eta dantza bakoitzaren atzean belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza dago. Baina tradizioa ez da museo batean gordetako zerbait: erabiltzen dugunean dago bizirik. Dantzatzen dugunean, gure egiten dugu, partekatzen dugu eta hurrengo belaunaldiei transmititzen diegu.
Horregatik guztiagatik, dantza tradizionala ariketa fisikoa baino askoz gehiago da. Gorputza mugitzeko, burua aktibatzeko, musikaz gozatzeko, besteekin harremanetan jartzeko eta gure kulturaren parte izateko modu bat da.
Eta horretarako ez da dantzari trebea izan behar.



