Edukira joan
Sartu
  • Elkartea
  • Aiko Taldea
  • Aikopeko
  • Ikastaroak eta jarduerak
  • Berriak
  • Diskografia
  • Denda
  • Agenda

AIKO

  • AIKO Elkartea + Eskola
  • AIKO Taldea
  • AIKOpeko

Kontaktua

Elkartea + Eskola

634 423 539

Aiko Taldea

690 622 511

Aikopeko

646 277 366
aiko@aiko.eus
Bidali mezua →

Sareak

InstagramTwitterFacebookYouTube

© 2026 AIKO Kultur Elkartea · I.F.K.: G-95544840

Lege oharra·Pribatutasuna·Baldintzak
"Dantza & Musika" ikastaroa UPV/EHUn | AIKO
"Dantza & Musika" ikastaroa UPV/EHUn
Berriak

"Dantza & Musika" ikastaroa UPV/EHUn

"Dantza eta musika" izenburua dauka ikastaro honek, gure inguruko tradiziozko kulturan dantza eta musika bat izan direlako, txanpon beraren alde biak.

"Dantza eta musika" izenburua dauka ikastaro honek, gure inguruko tradiziozko kulturan dantza eta musika bat izan direlako, txanpon beraren alde biak. Guk jaso dugun tradizioan, gorputzaren mugimendu landu eta berezienak ere, dantza moduan onartuak izateko musikarekin bat egin behar izan dute, espazio-denbora lerroan modu jakin batean antolatuak, doinuaren egiturarekin, erritmoa deritzogun horren bitartez, bat egiteko.

Bestalde, ariketa hutsa baino, dantza giza bizipen bat da, inguruarekin eta ingurukoekin harremanetan jartzen gaituena, eta musikarekin bat eginda, sarritan, hitzez ezin duguna komunikatu adierazteko bide oso baliogarri bat da. Horrela, ikastaroaren ardatza gizakian datza, ikaslean, dantzarian... eta xede nagusia agian "intangible" horietakoa izanen da askorendako: dantzaz gozatzen ikasi, dantzaren ikasbideaz gozatu, dantzaz gozatzeko ateak ireki... Erronka handia 2014. urterako gure gizartean izanda ere, ahaleginak merezi du.

Aurrekoak ez du erran nahi, ikaslea esku hutsik etxera bueltatuko denik, dantzan egiteko hainbat baliapide ikasiko ditugu hutsetik hasita, eta sarritan, agian, dakiguna beste modu batean ikusi eta ikasiko dugu, edo bederen berformulatu.

Dantza eta musika elkarrekin lantzeko proposamen hau musika edo/eta dantza irakasle lanetan aritu behar dutenentzako ere baliogarria izan daiteke. Hori bai, argi utzi behar da ikastaroa helduendako pentsatua dagoela (ez haurrendako). Gure inguruan erromeriko eta plazako dantza gehienak (denak ez erraitearren) helduen eremukoak dira.

Ikastaroaren eraginaren ebaluaketa ikasleen oinetan eta ariman isladatuko da: norbaitek dantza hobeto ulertzen badu, norbaiti dantzaz gozatzeko atea irekitzen badiogu, norbaitek erritmoa lantzeko bide berriak antzematen baditu, norbaiti dantzan egiteko edo ikasteko gogoa irekitzen bazaio, norbaitek lagunak egiten baditu dantzan, norbaitek gure tradiziozko kulturaren ezagupenean sakontzen badu honen ondorioz... zerbait egin dugula erran ahal izanen dugu.

Edukiei buruz, ezin aurretik ezer zehatzik proposatu, ikusteko dagoelako ikasle talde bakoitzaren maila eta ikasteko erritmoa. Alferrik eta kontraesangarria litzateke aurretik adostutako "gai zerrenda" bat edonola ematea "temarioa" ematearren. Helburua ez da dantza jakin batzuk edo koreografia batzuk ikastea, baizik eta dantzan ikastea, edo behintzat, dantzan ikasten hastea. Horrela ba, jarraian ekingo diogu lehen eskola egunetik eta azken egunerarte dantzarekin jolasean, jokoan, deman, eta sarritan borrokan... 

Nori zuzendua

UPV/EHUko ikasleei.

Helburuak

  • Ikasle dantzarien arteko harremanak landu, ikertu, zabaldu eta sendotu: dantza harremanetarako gailu eraginkor moduan ezagutu.
  • Musika eta dantza osotasunean ulertu: musika eta dantza errealitate beraren osagaiak dira (ziren) eta.
  • Tradiziozko dantzakera eta gorpuzkera ezagutu eta barneratu: lur gainekoa, ergonomikoa, berezkoa eta demokratikoa.
  • Erritmoaren oinarrizko egiturak gorputzaren bidez dantzatuz bizi eta ikasi.

Metodologia

Erabiliko den ikasbidea batez ere praktikoa da, hau da, dantzan egitean datza batez ere, modu mailakatuan, dantza ikasleen bataz besteko ezagupen maila abiapuntutzat hartuta. Mugimenduaren eta musikaren azalpen teorikoagoetan sakontzeko aukera ikasleen musika eta dantzaren ezagupen mailaren arabera aztertuko litzateke.

  • Dantza entzuten ikasteko ariketak.
  • Musika gorputzeratzeko ariketak.
  • Oinez lur gainean.
  • Kantua eta gorputza.
  • Soka, izpilua, bikotea, taldea.
  • Inguruarekin harremanetan: dantza bikotea eta dantza taldea.

Gaitasunak

Dantzan egin eta dantzan eginez bikotearekin eta taldean gozatzeko gai izatea.

Programa

  • Oinez, korrika eta dantzan.
  • Sokarekin lanean.
  • Izpilua erabiliz dantza trasmisioan.
  • Bikotearekin dantzan lehen urratsak: pasodoblea.
  • Erritmo binario eta ternarioa (gora euskaltzaindia!). Baltseoan.
  • Oinarrizko glosarioa: puntua, erritmoa, anakrusa, azentoa, konpasa, tartekoak.
  • Kontrapasa (txotisa) eta kontraiantza (boleroa) erritmoak.
  • Emiolia gure tradizioan: balsa eta mazurkatik jota-fandangora.
  • Polka, txotisa, pasodoblea, balsa, mazurka, foxa, boleroa, polka, e.a.
  • Dantza jauzien sistemaren oinarriak. 

Ordutegia

Ikastaroa 25 ordukoa izango da, eta 25 ordu betetzen dutenei kreditu bat aitortuko zaie. Ikastaroa 120 minutuko saioetan antolatuko da, asteartean 15:30etatik 17:30ak arte. Ikastaroa irailaren 30ean hasiko da eta lehen eskola eguna doan, irekia izango da frogatu nahi duenarentzat izena eman aurretik. Matrikularen prezioa 25€ da.

Non

Bilboko Irakasleen Unibertsitate eskolan

Sarriena auzoa, z/g – 48940 (Leioa)

Tel: 94 601 75 24

E-posta: bi-iue.atezaina@ehu.es

    Izen ematea

    2014.eko urriaren 6a baino lehenago, izena emateko, ikastaroaren izena ("Dantza eta musika") eta ikaslearen datuak (izen abizenak, ikasten ari den gradua eta maila, helbide elektronikoa eta telefonoa) agindu beharko dira honako helbidera:

    bulegoa@aikotaldea.eus

    Diru sarrera Laboral Kutxako honako kontuan egin beharko da ikaslearen izen abizenak argi adieraziz:

    ES75    3035   0071   63    0710046400

    https://aiko.eus/

    bulegoa@aikotaldea.eus

    Tel. 634 423 539

    Partekatu

    Erlazionatutakoak

    Beste berriak

    LEKEITIOKO DANTZAZALE EGUNA 2026 Maiatzak 9

    LEKEITIOKO DANTZAZALE EGUNA 2026 Maiatzak 9

    Lekeitio herri bizi eta kulturalki aberatsa da, eta bere historian zehar musika eta dantzak presentzia berezia izan dute herriko bizitzan.

    Irakurri
    AIKO Taldearen CD berriaren aurkezpena Urkiolan

    AIKO Taldearen CD berriaren aurkezpena Urkiolan

    Urkiola eta Sanantonioak AIKOzaleen biltoki izan dira sarritan, eta aurton, ekainaren 14ean, Sanantonio Errepetiziñoarekin batera, momentu egokia iruditu zaigu jai handi bat ospatuz, AIKO Taldearen azken CDa aurkezteko, ZEU izenekoa.

    Irakurri
    Harremana

    Kontaktua

    AIKO Kultur Elkartea · I.F.K.: G-95544840

    Elkartea + Eskola

    Uxue Zarate

    634 423 539
    Aiko Taldea

    Sabin Bikandi

    690 622 511
    Aikopeko

    Argi Zameza

    646 277 366
    Lehen Arratiako Ondare Astegoiena Areatzan ekainak 27-28

    Lehen Arratiako Ondare Astegoiena Areatzan ekainak 27-28

    Arratiako Ondare Astegoiena ekimen berria da, 2026ko ekainaren 27an eta 28an Areatzan ospatuko dena bertoko udaletxearen laguntzarekin.

    Irakurri
    aiko@aiko.eus
    Kontaktu formularioa