

Aiko Kultur Elkartea
Aiko Taldea musika eta dantza tradizionaleko profesionalen talde bat da, eta 2006tik Euskal Herriko sustrai tradizionaleko kultura-ondarea ikertzen eta zabaltzen dihardu. Denbora horretan, 5.000 ikasle baino gehiago igaro dira eskoletatik, 12 CD grabatu dituzte, jotari buruzko dokumental bat egin eta ekoitzi dute, karbono-zuntzezko danbolin berritzaileak diseinatu dituzte, jaialdietan, klase magistraletan, ikastaroetan eta mintegietan parte hartu dute, herrialde osoko plazetan erromerietan jotzen egindako lan aktiboa ahaztu gabe.
Aiko elkartean dantzaz gozatzeko espazio berriak sortzearen eta dantza demokratizatzearen aldeko apustua egin dugu. Guretzat, dantza tradizionala garaikidea, egungoa eta etengabe berritzen ari dena da. Dantza denontzako dibertsioa eta gozamena da.
Misio horretan, gure metodologia propioa sortu dugu, musikaren eta mugimenduaren ezagutzan oinarrituta, modu integralean. Irakaskuntza progresiboa da, ikaslea eta haren ergonomia kontuan hartuta. Helburua ikasteko bideaz eta lagunarteaz gozatzea da, dantza sozializatzeko funtsezko tresna baita eta izango baita.
Aikok dantzan ikastea proposatzen du —eta ez koreografiak buruz ikastea soilik—, dantza ulertzeko, dantzan gozatzeko eta gure inguruarekin komunikatzeko aspaldiko modu tradizionala eta aldi berean berritzailea.
Dantza hitz gabeko hizkuntza da, eta harekin identifikatzen gara kolektiboki; herri gisa kohesionatzen gaitu, herri egiten gaitu. Esan dezakegu, euskararekin batera, dantza dela gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat. Horregatik, eta proiektu aitzindari eta berritzaileak bultzatzeko gure ildoari jarraituz, aikoeskola.eus sortu genuen eta orain publiko egin nahi dugu, mundu guztiari gurekin dantzan ikasteko aukera eskaintzeko.



AIKO Kultur Elkartea · I.F.K.: G-95544840
Formatu txikiago eta hurbilagoa, ahotsa eta giro intimista lehen lerroan.



























