Data: 2026ko azaroaren 8a, igandea, 12:00
Amaiera: 2026ko azaroaren 8a, 14:00
Lekua: Hika ateneo
Dantzan egiteko eta elkartzeko hitzordua Hika Ateneoan
AIKOk eta Hika Ateneoak hilean behin dantzan elkartzeko saioa jarriko dute abian Bilbon. Lehenengo hitzorduak azaroaren 8an, igande eguerdian, eta abenduaren 5ean, larunbatean, 19:00etan izango dira.
Lagunekin elkartu, zerbait hartu, jendea ezagutu eta dantzan egin. Ideia horrekin, AIKO Taldeak eta Hika Ateneoak proposamen berri bat abiatu dugu, dantza tradizionalak Bilboko aisialdi eta topaguneen eskaintzan ere bere lekua izan dezan.
Gure dantzez giro hurbil eta informalean gozatzeko ohiko hitzordua sortu nahi dugu. Erromeria bat Hikan, San Anton ondoan, dantzan egitea eta mahai baten inguruan solasean aritzea plan beraren parte izan daitezen. Aurpegi ezagunekin berriz elkartzeko eta jende berria ezagutzeko gunea.
Ekimenak bat egiten du Hika Ateneoak kultura eta elkarguneak sustatzeko duen bokazioarekin eta AIKOk dantza eguneroko bizitzaren parte izan dadin egiten duen lanarekin. Dantza harremanak egiteko, elkarrekin aritzeko eta gozatzeko modua ere bada, eta hiriko aisialdi planetan lekua egin nahi diogu.
Gabonak baino lehen bi aukera izango ditugu elkartzeko: azaroaren 8an, igande eguerdian, bazkaldu aurretik, eta abenduaren 5ean, larunbatean, 19:00etan. Lehenengo bi hitzordu horien ondotik, hilean behin elkartzen jarraitzea da asmoa.
Dantzan egiteko elkartuko gara?
