Itzuli
Pandereta bajo cielo azul con nubes

Pandero Eskola | 2025-11-29

25€ (18-30 Urtekoak Debalde)

  • Pandero eskolaren lehen saioa Bilboko Campos Antzokian egingo dugu azaroaren 29an, larunbat goizez, 10:00tatik 13:00tara.
  • Izen emotea 25€ eta gazteok (18-30 urte) DEBALDE.
  • Plazak mugatuak dira.
  • AIKO Eskolak panderoak eramango ditu panderorik ez duten partaideentzat, eta prezio oso egokian erosteko aukera ere izango du nahi duenak (50€). Lehentasuna gazteak izango dute.
  • Nori zuzendua: dantzari, dantza monitore, dantza irakasle, dantza maisuei, eta musikariei oroar.

Oraintsurarte, gure kulturan, dantzak osagai nagusi bi izan ditu: a) gizakiaren mugimendua eta b) gizakiak ekoiztu edo/eta antolatzen dituen soinuak, hau da musika. Ekoizten diren mugimenduek eta soinuek elkarrekin bat egiten dute denboraren lerroan erritmoa deitzen dugun hori sortuz, edo erritmoaren bitartez. Eta erritmoa ez da matematika edo fisika neurri bat, musikala baizik, hau da gizakiok modu ikasian eta subjektiboan hautematen dugun magnitudea baizik. Gure inguruko tradiziozko erritmoaren transmisioak baliapide gehiago eta gune egokiak sortzea behar du gaur egun. Dantzariok sarritan gorpuzkera, janzkera, argia, keinuen estiloa eta abar zaintzen dugu, eta musikariok, afinazioa, soinuaren ekoizpena, tinbrea, etabar; baina batzuk eta besteok tradiziozko erritmoa zertan datzan ia erabat ahaztu dugu.

 

AIKO taldean, hasieratik, arlo honetan lan egin dugu eta gure eskarmentua partekatzen eta zabaltzen dihardugu ikastaro, mintegi eta eskoletan. Oraingo honetan, dantzari, dantzazale, dantza maisuentzat eta musikari ororentzat, dantza bere osotasunean ulertzeko eta barneratzeko, Pandero eskola sortu dugu, dantza+pandero+kantua lantzeko gunea, panderoak lagunduriko kantuaren bidez dantzan egiten ikasi eta hasieran aipatu dugun mugimenduaren eta musikaren arteko harremana ulertzeko eta lantzeko, barneratzeko ikasbidea. Ez gara ezer barririk asmatzen ari, aintzinako irakasbideak gaur egunera ekartzen baizik, gure aiton-amonen garaiko metodologiaz ari gara, panderoak lagunduriko kantuaren soinuarekin dantzan egitea.

 

Kantua aldean daramagun musika tresna organikoa eta merkea da. Panderoa ere perkusio tresna merke eta erabilgarria da, edozein tokira eramateko modukoa eta testu inguru anitzetan gure kantua eta dantzaren lagungarri izan daitekena, lagun arteko parrandatan, bazkalondoetan edo erromerietan. Dantzarien eskuetan, panderoa luxuxko baliapide bat izan daiteke musika eta musikaz ikasteko, eta horrez gain, musikarekin ondo pasatzeko eta gozatzeko.

 

Edukiak:

•Panderoa jotzeko esku eta gorputzaren jarrerak

•Banakako perkusioak soinu ezberdinekin panderoan

•Hirukotxoen oinarrizko teknikak panderoan

•Errepika edo arrapatak panderoan

•Soinuaren ezaugarriak

•Pultsua antzematen eta barneratzen

•Azentoa

•Erritmo bikoiti eta hirukoitiak.

•Erritmoa antolatzeko ahaleginetan: konpasa eta denboraren idazkera.

•Konpas aldaketak

•Ahotsa eta kantuaren oinarriak

•Dantzen egitura erritmikoak aztertzen, ulertzen eta lantzen

•Inprobisazioa eta sormena dantzan

•Musika eta dantzaren arteko erlazioa erritmoaren bidez

•Hasi hasieratik, oinez eta dantzan.

•Pasodoblea

•Balsa

•Txotisa eta polka

•Boleroa

•Mazurka

•Foxa

•Tangoa

•Habanera

•Trikitia: jota edo fandangoa eta arinarin edo porrusalda

•Dantza jauzien sistema